¡INPUNITATE FRANKISTA DEUSEZTATU BEREHALA!

Sinatzen dugun pertsonok eta erakundeok premiazko deiera egiten diegu talde parlamentario guztiei eta, bereziki, inbestidura koalizioa osatu dutenei, desblokeatu ditzaten Parlamentu espainiarrean dauden legegintza-ekimenak, hots, errespetuan, babesean, bermeetan eta, finean, egia, justizia, ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak eskuratzeko eskubidean eragina dutenak.

Eskubide horiekin zerikusia duten ekimen parlamentario oro geldirik daude Kongresuan zein Senatuan, benetako izapidetzerako epe finkaturik ez dagoela. Memoria Demokratikoaren Legeak, Sekretu Ofizialen Legeak, Lapurtutako Haurtxoen Legeak eta Zigor Kodearen aldaketak, barneko zuzenbidean nazioarteko legezkotasuna sartzeko, urteak daramatzate bazterturik, eta, gaur den egunean, ez dirudi izapidetu eta berresteko inolako zantzurik dagoenik.

Gobernuak gelditze hori justifikatzen du bestelako lehentasun sozialak daudelako. Alabaina, aldi honetan sustatutako beste legegintza-ekimen batzuk ikusita, ondorioztatu daiteke gaurko inpunitate eredua deuseztatzeko borondate politikorik eza dela beharrezko lege-aldaketei berehala ez ekiteko arrazoi nagusia, frankismoan giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten pertsona ororen eskubideak behin betiko bermatuko lituzketen lege-aldaketak, hain zuzen.

43 urtetik goiti iragan dira Konstituzioa onetsi zenetik eta giza eskubideen urraketak jasan zituzten hamaika mila pertsonak eta beren ahaideek oraindik segitzen dute egia, justizia eta ordainaren zain: erailketak, desagertzeak, lan esklaboa, ondasunen espoliazioa, erbesteratzea, haurtxoen lapurtzea, torturak, espetxea, itxialdiak erregimenaren aurkako emakumeendako zentroetan, lan errepresaliak... Ezta auzitegi frankistek delitu politikoengatik ezarritako epaien benetako baliogabetzerik ere ez da gertatu. Eremu horretan gaur arte onetsitako erabaki eta arauak argiki ez-askiak eta frustragarriak izan dira. Orain arte gauzatu diren memoria historikoari buruzko politikak aitortza instituzionaletara bideratu dira, oso partzialak, epelak, ez-askiak izan direnak, bai eta izaera administratiboko neurriak ezartzera ere, norbanakoaren eremukoak, alde batera nahita utzita nagusi den inpunitate eredua itzularazteko edozein jardun.

Urtez urte, giza eskubideen urratze horien zuzeneko biktima anitz hil dira, baina beren ahaideen eta mugimendu sozialaren bultzadari esker, gero eta ahots gehiago ari dira inpunitatearen bukaera galdatzen. Eta, zalantzarik gabe, ez da beranduegi: biktima eta biktimagileen egoera alde batera utzita, justiziak ikertu eta tipifikatu behar ditu gauzatutako delituak, haiek identifikatuz.

Baina, horretarako, berehala eta luzamendurik gabe, aktibatu behar dira egun, Kongresuan, geldirik dauden memoria-ekimenak eta ateak zabaltzea isilarazitako Egia ezkutua erdiesteko, salbuespenik gabeko Justizia ezartzeko eta frankismoaren biktima ororendako benetako Ordain politika abian jartzeko. Horrela galdatzen dugu eta galdatzen jarraituko dugu memoria eta giza eskubideen alde, feminismoan, sindikalgintzan, ekologian eta hainbat eremutan dihardugun erakundeok, idazki hau sinatzen dugunok.

¡INPUNITATE FRANKISTA DEUSEZTATU BEREHALA!

EGIA, JUSTIZIA ETA ORDAINA BEREHALA! LUZAPEN GEHIAGORIK EZ!

© 2022 CEAQUA| Todos los derechos reservados.
Creado con Webnode Cookies
¡Crea tu página web gratis! Esta página web fue creada con Webnode. Crea tu propia web gratis hoy mismo! Comenzar